XXI. Menderako Trantsizio Programa baten alde

John Hird

Marxen eta Engelsen garaiaz geroztik, berebiziko garrantzia izan du sozialistek langileriari aurkeztu dizkien eskakizunei ikuspegi dialektiko eta trantsizionalarekin heltzeak. Iraultzaile guztiok bat gatoz sozialismoa dela kapitalismoaren krisi historikoari eman behar zaion erantzuna; kale-kantoietan sozialismoaren beharra aldarrikatzen ibiltzea, baina, ez da aski. Langile-klaseak, gazteek eta erdiko klaseko taldeek kontzientzia-maila desberdinak izaten dituzte aldian-aldian, inguruabar politikoen arabera. Iraultzaileok gure klasea eraldaketa sozialistarako programa baten inguruan batu nahi dugu, borroka guztietan parte hartuz eta haiek sustatuz, baina, aldi berean, beti borroka eta eskakizunak sozialismoaren beharrarekin lotuz, dagoen kontzientziarekiko zubia eraikiz, alegia.


Marxen eta Engelsen Manifestu Komunista 1848ko Europaren azterketa politiko zehatz bat zen, eta, aldi berean, jendartearen eraldaketa sozialistarako programa bat zen. Halaber, ia 100 urte geroago Trotskyk idatzi zuen Trantsizio Programa ere, halaxe izan zen. Bi dokumentuek zeinek bere garaiko azterketa teoriko zehatza hartu zuten oinarri.


Trotskyk nahi zuen langileriaren maila zabalenak erakar zitzala Trantsizio Programak, eta nabarmendu zuen programa ulertu beharra zegoela: “Sistema sozialista osoa aurkezten badugu, utopia iritziko dio amerikar arruntak, Europatik inportatutako zerbait balitz bezala. Krisi honetatik ateratzeko konponbide gisa aurkezten dugu (soldata- eta lanordu-eskala proportzional baten moduan), haiek duten jateko, edateko eta etxebizitza duinean bizitzeko eskubideak bermatu behar dituena. Sozialismoaren programa da, baina oso era herrikoian aurkeztuta”.

Programa bat ezin da eskakizun-zerrenda hutsa izan. Sozialistok saihestu behar dugu sozialismorako dei abstraktua artikulu bakoitzaren bukaeran gehitzen duten talde iraultzaileen karikatura bilakatzea. Sozialismoaren ideiak era transbertsalean ageri behar du gure material guztietan, langileriaren eta borrokan diharduten beste sektore batzuen gaur egungo kontzientzia eta helburu iraultzailearen eta eraldaketa sozialistaren beharra lotzeko.

Objektiboki, esan dezakegu sozialismorako umo dagoela mundua. Milioika gazte mobilizatu dira klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, eta sistemaren kontrako kontzientziaren osagai sendoak daude jendarte-maila zabaletan. Funtsean, kontzientzia antikapitalista bat da, eta norabide iraultzailean gara daiteke borroka gertatzen ari den bitartean. Trotskyk onartu zuen kontzientzia jendartearen errealitatearen atzetik joaten dela maiz. Kontzientzia horretan, oraindik ez da sartu planeta salbatzeko hainbat iraultza sozialista egin beharko direlako ideia, ezta sektore aurreratuen kontzientzian ere, baina ideia oso azkar heda liteke krisi sozialaren, klase arteko borrokaren eta ustekabeko klima-hondamendien aurrean (Australian arestian izandako suteak, kasu).


Ingurumen-mugimendua eta ikuspegi trantsizionala

Iraultzaileek betebeharra dute ikuspegi trantsizional batekin esku hartzea biziki klima-aldaketaren kontrako mugimenduan, eta une oro saiatu behar dute programa baten inguruan batzen mugimendua: programak kapitalismoari leporatu behar dio gaur egungo klima-krisiaren errua, eta bide bat erakutsi behar du, plangintza demokratikoaren eta eskakizun sozialisten bidez planeta suntsipenetik salbatzeko.

Zoritzarrez, zenbait talde iraultzailek ikuspegi ultraezkertiarra dute, eta erakutsi dute nola EZ den eragin behar klima-aldaketaren aurkako mugimenduan: Greta Thunberg mugimendu globalaren liderraren kontra eginez, haren arrazoiak zalantzan jarrita. Gazteek ez dituzte eraso horiek ulertzen, fase honetan figura inspiragarri, sakrifikatu eta positibotzat baitute Greta.

Borrokatzea da klima-aldaketaren kontrako mugimenduaren barruan ekiten hasten diren gazteen kontzientzia; borroka horretan, asko ikasiko dute gaur egungo liderrei buruz, eta, are garrantzitsuago, planeta salbatzeko haien programari buruz (edo programarik ezari buruz).

Gazteek badakite zeren aurka dauden, baina, fase honetan, ez dute batere argi zerekin ordezkatu nahi duten gaur egungo sistema kapitalista. Ez dituzte oso begiko izango nagusiarena eginez programarik ez dutelako sermoia botatzen dieten taldeak, haien esloganak oso iraultzaile irudituta ere. Iraultzaileak eragile izan daitezke mugimendua garatzen ari den bitartean, baina gazteekin batera jardun eta esku hartu behar dute. Borrokan, programa eta ideia guztiak jartzen dira proban, baina sektarismoaren mukurua da guduka hasi bezain laster haien liderrak salatzea, areago gazteenak, Greta kasu.

Ondorioetatik hastea ikuspegi okerra da

2019an CITren barruan egin zen nazioarteko eztabaidan, Izquierda Revolucionaria-ren (IR) buruzagitzak CITren Gehiengoa osatzen duten sekzioak kritikatu zituen sozialismoaren gaia ez omen zutelako aipatu beren programetan eta jende aurreko jardunean. Funtsean, programa moteldu izana leporatu zioten Gehiengoari. Egia esan, eztabaidagai nagusia izan zen sozialistek nola aplikatzen duten trantsizio-programa XXI. mendean. IR-ren buruzagitza CITren Gehiengoa “mandelatarra” zelako “ondorioarekin” hasi zen, eta, jarraian, hori “frogatzeari” ekin zion, horretarako erdi-egiak erabiliz eta argudio baten puntu bat hartu eta horretatik aldrebeskeriaz tira eginez; haiek, baina, sarritan ez dute eskakizun trantsizionalik egiten beren materialetako askotan, edo, horrelakorik egiten dutenean, oso zurrunak dira, CITk duen zuhurtziarik gabeak.

Katalunian klimaren auziaz eztabaidatzean, IRko kamaradek sare sozialetako argazki bat baliatu zuten Irlandako kideen eskakizun antikapitalista ustez mugatuak kritikatzeko, eta gela horretan bertan bazegoen IR-ren kartel bat funtsean eskakizun antikapitalista berberak jasotzen zituena!


Horren beste adibide bat da “Akordio Berde Berriari” buruz (“Green New Deal”) Socialist Alternative-k (CITren Estatu Batuetako sekzioa) zuen jarrerari IR-ren buruzagitzak egin zion erasoa. IR-ren buruzagitzak erakutsi zuen zer gutxi ulertzen zuen “Akordio Berdeak” Estatu Batuetako testuinguruan duen garrantzia. AEBetako kamaradek artikulu nagusi bat idatzi zuten gaztelaniaz kontu horri buruz, baina IR-ren buruzagitzak ez zion jaramonik ere egin, ziurrenik bat ez zetorrelako Socialist Alternativek Akordio Berde Berriari buruz jarrera oportunista hartzen ari zela zioen bere “analisiarekin”.

Irakurleek beren kabuz ikus dezakete zein den kontu horri buruzko egia:
“Kapitalismoaren pean egonik ere, behar bezain masa-mugimendu indartsua lortuz gero, Akordio Berde Berriaren zenbait alderdi irabaz litezke. Baina, 2030erako energia berriztagarrietan oinarritutako ekonomia baterako trantsizio osoa lortzeko, ezinbestekoa da inoiz ez bezalako neurriak hartzea ekonomiaren funtsezko sektoreen jabetza pribatuaren aurka. Zoritzarrez, ez Ocasio-Cortez-ek, ez Sanders-ek, ez dute onartzen kapitalismoaren esparrutik harago joan beharko genukeela helburu horiek lortzeko, eta hori da haien ikuspegiaren funtsezko ahulezia bat.

Energia-konpainia nagusiak pribatuak diren eta etekinaren eta lehiaren legeei jarraitzen dieten bitartean, Akordio Berde Berria borrokatuko dute, eta ezinezkoa izango da planak guztira behar dituen finantzaketa-, plangintza- eta lankidetza-mailak lortzea. Erregai fosilen enpresa nagusiak berreskuratu beharko ditugu, eta jabetza publikoko bihurtu, langileen kontrol demokratikoaren pean, eragin-esparru hain handiko plan bat aurrera aterako badugu, batik bat hain denbora laburrean”.

“Guztiz ados gaude Akordio Berde Berriak pobrezia eta zapalkuntza amaitzeko dituen helburu zabalagoekin, baina horiek ere ezin izango dira lortu sistema honen esparruaren barruan, eta aldaketa iraultzaile bat beharko dute. Gizakien beharrizanetan oinarritutako ekonomia demokratikoki planifikatu bat ezartzeko ekonomiaren zutabe nagusiak jabetza publikorako berreskuratuko bagenitu, oinarriak ezarriko genituzke jendarte sozialista berdinzale bat garatzeko, eta, jendarte horretan, esplotazioa eta zapalkuntza era guztiak ezaba litezke. Nazioarteko klima-krisia larriagotzearen ondorioz, inoiz baino premiazkoago ageri da kapitalismoa gainditu eta sozialismorantz joateko beharra duela gizateria osoak. Bat egin ezazu Socialist Alternativerekin, eta lagundu iezaguzu langileen Akordio Berde Berri baten eta sozialismoaren alde borrokatzen”.
(“Winning the Green New Deal Means Challenging Capitalism” —Akordio Berde Berria irabaztea kapitalismoari desafiatzea da—, Elan Axelbank, 2019ko martxoaren 27a).

Goiko aipuek agerian uzten dute IR-ren buruzagiek gezurretan ari direla Akordio Berde Berriaz Socialist Alternativek jarrera oportunista hartu duela esatean, eta, berez, Trotskyk programa bat langileei nola aurkezten zaien oso garrantzitsua dela nabarmendu zuenean zirriborro egin zuen ikuspegi trantsizionalaren adibide dira. Indarrean dirau 1930eko hamarkadan Trotskyk AEBetako kamaradei emandako aholkua: “Psikologia eta pedagogia batera erabili behar ditugu, eta jendearen buruetarako zubia eraiki”.

Emakume-mugimendua gaur egun

Azken urteotan, emakumeen mundu osoko matxinadak proban jarri ditu marxistak, trantsizio-programa bat formulatzeari dagokionez.

CITko zenbait sekziok, hala nola Irlandakoak, Belgikakoak eta AEBetakoak, kanpainak egin dituzte sexu-indarkeriaren eta genero-desparekotasunaren inguruan. IRk, CITrekin bat egin aurretik, egokiro jarri zuen abian Libres y Combativas kanpaina (LyC).

Oro har, kanpainak antzekoak izan ziren, baina, noski, arlo desberdinak azpimarratu zituzten, desberdintasun kultural eta historikoen ondorioz (hala nola abortatzeko eskubidearen legezkotasuna). CITren lehengo buruzagiak motel ibili ziren emakumeen munduko mugimenduaren aurrean erantzuteko, eta gai honen inguruan sekzioek abiatu zituzten ekimenek tirabira handiak eragin zituzten nazioarteko eztabaidan.

Horregatik, harrigarria izan zen IR-ren buruzagiek Fakzioarekin aliatzea nazioarteko eztabaida lehenengoz piztu zenean; izan ere, bazirudien ezinbesteko auzi batean antzeko moduan kanpaina egiteko ahaleginak zirela ROSAren lanak eta LyC-renak, eta Fakzioak, ordea, Nazioarteko Idazkaritzaren buru zenean, ez zion inoiz beharrezko iritzi emakumeen mundu osoko matxinadaren gaia aintzakotzat hartzeari, Irlandako, Belgikako eta Estatu espainiarreko kamaradek ez bezala.

Bere garaian, hori nabarmendu genuen; zer erantzun eman zuen, ordea, IR-ren buruzagiek? Gurekin eseri eta plazaratu genituen puntu politikoak eztabaidatu ordez, berehala salatu gintuzten, bi gutun histerikotan; haietan, leporatzen ziguten zentralismo demokratikoaren arauak hautsi genituela eta “mandelatarrak” eta “oportunistak” ginela.

Erantzun horrek CIT osoari erakutsi zion IR-ren buruzagiek beldurra ziotela eta uko egiten ziotela auzi politiko horietaz serio eztabaidatzeari. Funtsean, ez zeuden prestatuta edo ez ziren gai politikoki argudiatzeko emakumeen auziaren ikuspegi trantsizionalaren gainean.

Fakzioa sortu aurretik, IR-ren buruzagitza ROSAk Irlandan egindako lanaren oso aldeko gogotsua izan zen. Jasota daude Irlandako abortuari buruzko erreferendumaren aldeko kanpainan IR-ren kide nagusiek Irlandako kideei ROSAren Dublingo mitinari buruz idatzitako txosten eta mezuak; haietan, goraipatu baino ez zituzten egiten ekitaldia eta emakumeen auziaren inguruan Irlandako kideek egindako lana. Ez dago kritika bat ere mezuetan, ezta ekitaldia izan eta geroxeago idatzitako artikuluan ere. Hala ere, IR banandu zen 2019ko biltzarrean, kamarada haiek berek gogor kritikatu zituzten bai ekitaldia, bai Irlandako kamaradak. Zer aldatu zen?

Pasadizo batek ondo laburbiltzen du IR-ren buruzagitzak bideratu zuen “eztabaidaren” maila. Euskal Herriko bilera batean, Batzorde Betearazleko kamaradak Europako hauteskundeetan Irlandako kamaradek izan zuten ikuspegiari kontra egin zion; Irlandako emakumezko kamaradek buruko zapiak janzten zituzten pantaila-argazki bat erakutsi zuen, eta gaitzetsi zuen feminismo burges txikian erortzen ari zirelako “froga” gisa! Atsedenaldian, kamaradari eskatu zioten bere salaketak argitzeko, eta erantzuna izan zen “feministen parafernalia janzteak frogatzen zuela Irlandako kamaradak bide okerretik zihoazela”.

Eztabaidan, aipatu zen LyC-ren aldizkarian agertzen zirela LyC-ko zenbait kideren argazkiak buruko zapi mota bera jantzita; areago, Batzorde Betearazleko kamarada hitz egiten ari zelarik, parean zeukan buruko zapia jantzitako emakume baten argazki erraldoi bat… IR-ren poster batean! Hori ez da politikaz eztabaidatzeko ganorazko modua, baina, zoritzarrez, IR-ren buruzagitzak horrelako metodoak erabili zituen eztabaidan.

Aurreiritziak nahita eratzea eta azken jarrera zurrun gisa aurkeztea marxismo fosildu mota bat da, eta ez du zerikusirik ikuspegi trantsizionalarekin.

Oin-ohar gisa, gai zail bati nola ez zaion heldu behar ikuspegi trantsizional batez ikusteko, aztertu behar da IR-ren buruzagitzak nola heldu zion prostituzioa legeztatzeari buruzko gaiari CITko eztabaidan. Oker aldarrikatu zuten CITko Gehiengoko sekzioak, hala nola AEBetakoa eta Irlandakoa, prostituzioa legeztatzearen alde zeudela. Nahastu zuten prostituitu beharra duten emakumeek beren baldintzak hobetzeko antolatzen egiten dituzten ahaleginekiko sentikortasuna azkenean legeztatzearen alde jartzea ekarriko zuen ziriarekin.

Izan ere, Irlandan CIT da ezkerreko zein mugimendu feministaren ezkerreko erakunde bakarra sexu-industria behin eta berriz gogor kritikatzen, eta industria hori nolabait zabaldu dezaketen eta proxenetismoa legezko negozio bilakatzeko bidea eman dezakeen edozein neurriren aurkako jarrera esplizituki hartzen.

Irlandako Abertzale Sozialistako kide Laura Fitzgerald-ek argi hitz egin zuen gaiaz, 2014an:
“Sozialistek, baina, guztiz kontra egin behar diote prostituzioa legeztatze osoari. Argi eta garbi kriminalizatu behar dira prostituzioaren negoziotik etekin ateratzen dutenak, proxenetak, zein pertsonen salerosketetan dihardutenak”.

CITko gehiengoarekin politikoki eztabaidatu beharrean, IR-ren buruzagiek sare sozialen bidezko epaiketa bat egin zuten, eta testuingurutik ateratako komentarioen bila ibili ziren kamaradak legeztatzearen alde zeudela “frogatzeko”.

Irlandako kamaraden ikuspegiak gaiaren ikuspegi ulerkor eta trantsizionala erakusten du, ez horri buruz IRk egin zituen salaketa-aldarriak:
“Legeztatzearen aurkako oposizio aurrerakoia anizkoitza da. Lehenik, legeztatzeak dakarren mezu sozialagatik: zilegi dela sexua erostea, emakumeak objektuak direla, ondo dagoela gizon batek (kasu gehienetan hala baita) bere ondasun material erlatiboa baliatzea emakume baten gorputza erosteko, edo gizon baten gorputza, azken batean. Alemanian, prostituzioa legeztatzearekin batera biziki hazi da sexu-industria, eta milioi bat gizonek ere erosten dute sexua egunero. Horrek, zoritzarrez, ez du ekarri sexu-langileen/prostituten estigmatizazioa desagertzea, eta, oraindik, haietako askok aukeratzen dute izena ez ematea sexu-langile ofizial gisa”.
Ikuspegi sozialista bat sexu-industriaz — Laura Fitzgerald

Irlandako kideen jarrera ezin da inola ere jo prostituzioa legeztatzearen aldekotzat, baina IR-ren buruzagitzak hala zela esan zien bere kideei.

IRk ikuspegi trantsizionalik ez izateak ondorio ultraezkertiarrak dakartza. Ulergarria da jendartearen sektore handi batek, bereziki sexu-industrian dihardutenek nolako izugarrikeriak jasan behar dituzten ikusten duten gazteek, pentsatzea liberalizazio-lege batek bizimodua erraztuko liekeela sexu-langileei. Sozialistak garen aldetik, ezin hautsi dezakegu sektore handi horrekin eztabaida oro itxiz, eta haietako guztiak “proxenetatzat” joz, IRk egin duen bezala, sexu-industriari buruzko batzar zabalak eragotzi dituenean.

IRk “prostituzioaren abolizioa” jarri zuen bere programaren erdigunean. Hori al da Trotskyren tradizioko eskakizun trantsizionala? Zer esan nahi du benetan eskakizun horrek? Langile eta gazte multzo handi bati galarazpena dakarkie burura berehala, sexu-industrian lan egiten duten pertsonak legez debekatzea, eta horrek funtsean esan nahi du jendartean oso zapalduta dagoen sektore bat kriminalizatzea. Sozialistek, noski, sexua salerosten ez den mundu bat nahi dute, zeinean berdintasun eta askatasun osoa baitago lotura eta harreman sexual zein pertsonal guztietan. Jendarte sozialista batek behar diren baldintzak sortuko lituzke sexu-industriarik gabeko mundu baterako. “Abolizioaren” alde zaudela besterik gabe adierazteak ez du behar bezala handitzen kontzientzia, eta, areago, “aboliziorekin” bat egiteak lotu zaitzake zenbait feminista erradikalen jarrera okerrekin.



Langileria iraultzaren programarantz erakarten

Alderdi iraultzaile batentzat, ezinbesteko tresna da langileriarekiko nahitaezko zeregin politikoak biltzen dituen eta, aldi berean, gaur egun dauden baldintzei eta kontzientzia-mailari heltzen dien programa bat. Ez da nahikoa kapitalismoa gaitzestea eta iraultzarako eta sozialismorako aldarri egitea. Programa marxista bat ez da oinarrizko printzipioen deklarazio hutsa. Egoeraren arabera, programak hainbat zeregin bete behar ditu: teorikoak, programatikoak eta unean unekoak.

Kontraesana egon daiteke, batetik, erreformen aldeko eskakizun programatikoen, eta, bestetik, jendartearen eraldaketa sozialistaren beharra argi uztearen artean. Sozialismoaren behar objektiboaren eta langileriaren kontzientziak eta antolakuntzak heldutasuna ez izatearen arteko kontraesan guztiz benetako horrek berekin dakar ikuspegi trantsizionalak hain eginkizun handia izatea iraultzaileen armategian.

Marxismoa zientzia bada ere, jendartea aztertzeko bide bat, alegia, eraldaketa sozialistarako programa bat aurkeztea trebetasun handia eskatzen duen artea da, eta langileen maila desberdinen benetako kontzientziarekin lotzeko moduan egin behar da. Hori ezin da lortu ikuspegi mekaniko batez.

Trotsky luze mintzatu zen dilema horretaz: “zenbait eskakizunek oso oportunista dirudite, langileen benetako pentsamoldera egokitzen baitira; beste zenbait eskakizunek, berriz, iraultzaileegi dirudite, egoera objektiboa islatzen baitute batez ere, eta ez hainbeste langileen benetako pentsamoldea”.

Trotskyk ez zuen inoiz adierazi Trantsizio Programa behin betiko artikulua zenik: “… programaren amaiera ez da erabatekoa, honetan ez baikara iraultza sozialaz ari, matxinada baten bidez boterea hartzeaz, jendarte kapitalista [proletarioen] diktadura bihurtzeaz, ez eta diktadura jendarte sozialista bihurtzeaz ere. Honek atariraino baino ez darama irakurlea. Ekintza-programa bat da, gaur egunetik iraultza sozialista hasi artekoa. Eta, ikuspuntu praktikotik, orain garrantzitsuena da nola gidatu ditzakegun proletariotzaren maila desberdinak iraultza sozialistarantz.”

Gure iritziz, etengabe aldatzen ari den fenomeno bat da kontzientzia, eta gertaeren eta faktore subjektiboaren indarraren arabera desberdina da. Zentzugabea da eztabaidetan argudiatzea kontzientzia bakarra dagoela munduan, IRk egin zuen bezala. Zalantzarik gabe, ezin zaie ikuspuntu berberarekin heldu Hong Kong-en / Txinan, Txilen, Bolivian eta Katalunian abian diren gertaerei, kontzientziari dagokionez.

Sozialistak aurrerapen guztien alde borrokatzen dira, baita aurrerapen demokratiko mugatuen alde ere, baina, aldi berean, trebeziaz azaltzen dute kapitalismoak ez dituela betiko bermatzen masa-borroken bidez edo hauteskundeen bidez irabazitako erreformak, eta horrenbestez sistema eraitsi behar dela eta haren ordez sistema sozialista berri bat ezarri.

Gaur egun, Ezker Berriko erakundeek, hala nola Podemosek, egokiro kritikatzen dituzte Estatu espainiarrean indarrean dagoen kapitalismoaren ondorioak. Hala ere, ez daude 1970eko hamarkadan langileen mugimendua zegoen bezain ezkerrean, orduan ezkerreko alderdi eta sindikatu gehienek sozialismoa baitzuten helburu. 40 urte geroago, Pablo Iglesiasek eta beste buruzagiek ez dute mahaigaineratu sozialismoaren ideia.

Noski, gaur egun mugimenduan dauden guztiak familiak beren etxeetatik botatzen dituzten bankuen aurka daude, eta merkatuaren indarren ondorioz langileak kaleratzen dituzten enpresen aurka. Hala ere, kapitalismoa “adeitsuagoa” izatea baino ez du eskatzen ezkerrak, sistemaren krisia langileriari ordainarazi ez diezaiola, baina falta ditu milioika pertsonaren bizitzak eraldatzeko ganorazko neurriak.

Trantsizio-programa batek azaltzen du kapitalismoaren pean ezin dela bermatu, ez betiko, ez munduko toki askotan, etxebizitza duina eta ondo ordaindutako lana izateko eskubidea, eta horregatik trantsizio-programa sozialista batean gai nagusietako bat izan behar duela monopolioak, bankuak eta aseguru-konpainiak kontrol demokratikopean nazionalizatzeko eskakizunak.

Espainiako kapitalismoaren ezaugarri harrigarri bat da enpresa “pribatuak” funts publikoari dirutza ateratzen diola gobernuaren dirulaguntzen, subsidioen, zerga-salbuespenen eta, noski, ustelkeriaren bidez.

Langileriak gehiegi ordaindu die kapitalistei esplotazioaren eta zergen bitartez, eta, horrenbestez, XXI. menderako gure trantsizio-programaren eskakizun nagusietako bat da ekonomia nazionalizatzean egiaztatutako beharraren kasuetan baino ez ematea kalte-ordainak. Horrek esan nahi du bankuak kontrol demokratikopean daudenean langileen pentsioak bermatu egingo direla, eta ez lapurtu, gaur egun sistema kapitalistaren pean gertatzen den bezala. Zara eta Inditex langileen eta kontsumitzaileen kontrolpean nazionalizatzen direnean, Amancio Ortegak eta beraren familiak ez dute sosik ere jasoko ordainean, baina ongi etorriak izango dira Espainia sozialistan estatuak emango duen pentsio oparoa eskatzera; betiere beren beharren arabera, noski.

Hari gorri sendo batek garamatza Marx eta Engelsengana, ikuspegi trantsizionalari dagokionez. Haiek eta geroago Trotskyk bezala, gaur egungo sozialistek erronka hau dute: oraingo munduko eguneroko borroka ugariak, batetik, eta gaur egun dagoen kontzientzia eta planeta osoaren eraldaketa sozialistaren aldeko borroka kontzientea lotzeko zubi diren eguneroko hainbat eskakizun, bestetik, lotzen dituen programa baten aldeko kanpaina egitea eta hura jendarteratzea.

Nolabait, gaur egun errazagoa da gure eginkizuna, Marxen eta Engelsena baino mundu askoz globalizatuago batean bizi baikara. Hong Kongeko eta Kataluniako gazteek unean bertan agertzen diote elkartasuna elkarri, eta elkarrengandik ikasi eta kopiatzen dituzte kale borrokako taktikak. Gure erronka da gazte horiek gureganatzea jendartea eraldatzeko XXI. mendeko trantsizio-programa baten alde. Trotskyk esan zuen bezala, guk ere uste dugu programa etengabe eguneratu eta hobetu behar dela.

1938an Trotskyk Trantsizio Programa idatzi zuenean, nazioen, arrazen/etnien eta erlijioen arteko gatazketan murgilduta zegoen mundua, eta mundu-gerra hasteko zorian zegoen. Gaur egun, haustura-lerro politiko haiek iraun arren, badira beste batzuk garai hartan agerian ez zeudenak. Sexualitateak, desgaitasunak eta genero-borrokek duela 80 urte pentsa ezin litekeen maila politikoan daude. Areago, gizateriaren etorkizuna bera ere kolokan dago, klima-krisiaren ondorioz.

Marxek klase unibertsala deitu zion langile-klaseari, hari iritzi baitzion jendarteak eta gizateriak oro har kapitalismoa eraisteko zuten interes eta eginkizun bera zuen klasea. Nork uka lezake gaur egun hori erabat egiazkoa dela? Langileria biziki handitu da Marxen garaitik hona. Nazio-eskubideen eta eskubide demokratikoen aldeko, arrazakeriaren aurkako, sexismoaren eta indarkeria sexistaren aurkako, esplotazio ekonomikoaren aurkako eta planeta salbatzeko borrokak ez daude langileriatik bereiz eta aparte; aitzitik, langileriaren borrokak dira, berez, eta langile-klaseak boterea hartzeak konponduko ditu. Iraultzaileak garen aldetik, gure eginkizuna da Trantsizio Programa bat eratzea langileria bere eguneroko borroketan batzeko eta munduaren eraldaketa sozialistaren bidez gizateria osoaren emantzipaziorako bidea erakusteko.